XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Zentsoaren arabera, 130 sarrio inguru daude Nafarroako mendietan

NATURA Gamuzaren populazioak azken urteotan gora egin duela dirudi

Larra-Belagoa erreserban eta Ezkaurren daude sakabanaturik

BIHOTZA

Tamaina handia.

Sarrioaren bihotzaren tamaina aipagarria da.

350 gramoko pisua baitu 30-40 kilotako gorputzean.

Gizakiarenak 280 gramo ditu 70-80 kilotako gorpuan.

Sarrioak zuntz muskularrak ere ezagutzen diren dentsoenetakoak dira.

Pirinioetako Sarrioak Nafarroako ekialdeko erpin altuenetan (130 animalia inguru) eta Nafarroa Behera zein Zuberoako isurialdean biltzen dira.

Halere, Elhuyar aldizkariaren azken aleko erreportai batean azaltzen denez, Antso Jakitunaren ehizaldiak aipatzen dituzte dokumentu zaharretan, Orreagako mendietan 1165. urtean 12 sarrio eskuratu zituela irakur daiteke.

Testigantza hau, espezieak Euskalerrian jasan zuen beherakada historikoaren adierazle gordina bilakatu da.

Azken urteetako bibliografian Nafarroako sarrioen inguruko aipu kontrajarriak topa daitezke.

Sarrioak egun Nafarroan duen banaketa eta populazioaren kopurua jakin asmoz, azterketa bat egin zen 1992. urtean.

Azterketa horren datuek diotenez, sarrioa bi gunetan topa daiteke modu egonkorrean: Larra-Belagoako Erreserba Naturalean eta Ezkaurre mendian.

Bi tokiotan, ordea, egoera erabat ezberdina da.

Larra-Belagoan 110 animalia inguru zentsatu dira, dentsitatea 5,7 ind./km. karratutakoa delarik, eta azken urteetako joera goruntz doala dirudi.

Pirinioetako gainerako gamuzak ez bezala, Larrakoak udan ez dira aziendak okupatzen dituen bortuetatik gora igotzen.

Urte osoz basoan ikus daitezke.

Gainera, agian dentsitate baxuaren eraginez, arrak eta emeak ez dira erabat banantzen, talde mistoak urte osoan zehar ikus daitezkelarik.

Ezkaurren 10-20 animalia daude eta azken urteotan ez da taldearen tamainaren hazkunderik nabaritu.

Eremu horrek, babestua ez egoteaz gain, udan aziendaren presio itzela pairatzen du.

Bi zonalde horien alboan Aragoako Los Vallesko Ehiza Erreserba Nazionala dago, bertako dentsitatea 2,1 indibiduo/km karratutakoa izanik.

Nafarroan sarrioak ez du babes-figura berezirik, baina urtero berritzen den Bardearen Agindu Foralaren arabera ezin da ehizatu.

Bestalde Elhuyarrek esaten duenez, Iparraldeko isurialde piriniarrean, espezie honen erregresioa nabarmena izan dela pentsatzeko arrazoiak daude, sarrioa ehiztatzeko 30 baimen luzatzen baitziren 1991 arte.

Larra-Belagoa Erreserba Naturalatik mendebalderantz luzatzen den katean gaur egun ez da sarriorik ikusten, orain dela urte batzuk nahiko arrunta bazen ere.

MENDITARRA

Sarriaren gorputzaren luzera, muturraren estremotik isatsaren ezarpeneraino, 105 eta 110 zentimetro bitartekoa da, eta soingurutzeraino 69 zm.-ko altuera du.

Belarria eta isatsa 12 zm.-rainokoak dira.

Bizi-modu menditarra errazteko hainbat ezaugarri ditu sarrioak: mintz interdigitalak, elurretan zeharreko ibilera faboratuz; apatsen azpialdeko konsistentzia kautxukarak eta oso hatz mugikorrak, hauek ere, arroka eta malda handiko labarretan zeharreko desplazamendua errazten baitute.

Nafarroako sarrioak subespeziearen mendebaldeko muga dira.

Horrek balio berezia ematen die; mendikatea piriniarreko gainerako populazioen termometro gisa har baitaitezke.

Ignazio Garin eta Juan Gerrero Elhuyarko erreportaiaren egileek sarria babesteko Administrazioen koordinazioa eskatzen dute.

Euskal herriko gamuzek, noski, ez dituzte muga administratiboak ezagutzen, eta beren errantza-eremuek ez dituzte mugarriak errespetatzen.

Espezie berbera hiru judeaketa sistema ezberdinen menpe dago oso espazio bilduan: Iparraldeko suntsipena, Aragoako ustiaketa zinegetikoa eta hegoaldeko babes integrala.

Inplikaturiko hiru administrazioen koordinaketa ezinbestekoa da; ingurunearen aprobetxamendu razionala bultzatzea helburu duen edozein ekimen bideratzeko batipat.

EHIZA DEBEKATURIK Sarrio bat zelaian.